URNIETAKO ESKOLA PUBLIKOA

Urnietako parrokiko erretore zen Nikolas Azkonobietak ,1664. urtean eginiko testamentuan, bere jabegoko Miranda etxearen erdia, eskola bihurtzeko eskeini zuen.
XX. Mende hasieran, berriz, eskola udaletxe zaharrean kokaturik zegoen.
Bitxia da benetean garai hartako pedagogi jardunean"Eraztunaren sistema". Urnieta guztiz euskalduna izanik, umeek gaztelera ikasi eta erabili beharra zeukaten ikasketak egin ahal izateko. Irakasleak goizean eraztun bat ematen zion ikasle zaharrenari eta honek beste norbait euskaraz hitzegiten somatuz gero, eraztuna pasatzen zion. Horrela behin eta berriro. Egunaren amaieran eraztuna zeramanak, ordubete geratu beharra zeukan eskolan zigorturik.

 

1905. Urtean udaletxea erre zen eta ikasleak ikastetxerik gabe geratu ziren. Udalak, Miarritzen bizi zen Pedro Viteri Arana jaunari eraikuntza berri bat egin zezan eskatu zion(Gizon honek gipuzkoako herri askotan eskolak eraikitzeko dirua jarri zuen). 
1906. Urtean Viteri jauna bere arkitektoarekin azaldu zen Urnietan eta urtebeteko epean eskola eraikitzeko asmoa agertu zuen.
Maria Galarmendi eta Agustin Michelana jaunandereek terrenoen truke metro karratuko 1´50 pta. jaso zituzten udaletxearen eskutik. Jose Trekuk, berriz, beste terreno batengatik trukatu zuen berea. Obrak hasi aurretik zenbait urnietarrek desmontea egiten lagundu zuten. Eskola berria egin bitartean mutilak Oblato misiolariek utzitako gelatan egon ziren eta neskak aldiz, idiazabal kaleko Ostatuberri etxean.

 

Azkenik, 1907. urtean inauguratu zituzten Urnieta eta Hernaniko eraikuntzak eta Viteri jauna bertan egon zen.1981. urtean berritze lanak egin ziren: Teilatua, eraikuntzaren sarrera eta barruko gelen banaketa.

 

1970. urte inguruan herriak hazkundea izan zuen eta aldameneko terrenoetan bi solairutako eraikuntza berri bat egin zuten. Lau urte beranduago beste bi solairu erantsi zizkioten. Egungo zortzi gelako eraikuntza izatera pasa zen.
1989. urtean eraikuntza honen berogailu sistema eta itxitura berritu ziren eta 1996.ean berriz, Bigarren Hezkuntza emateko egokitzapenak egin ziren.

 

EGAPE IKASTOLA

Egape ikastolak 1966. urtean eman zituen bere lehen pausoak. Garai hartan ez zegoen euskaraz ikasteko aukerarik eta guraso talde batek euskal eskola bat sortzea pentsatu zuen, inguruko herrietan egiten ari ziren antzera.

 

Hastapenak "Catequesis Parroquial" bezala eman zituen legea saihestu ahal izateko eta etxez-etxe 16 haur bildu ondoren. Ikasgelak ere Parrokiari esker eskuratu zituen; zentrua izeneko lokaletan lehenik, gero sakristian eta Elizondo zinemaren azpian ondoren(Egungo Sarobe).

 

Egape izena berriz, ikastolen pedagogi aurrerakoiean hain garrantzitsu izandako Elviria Zipitria andereñoak proposatu zuen. "Babesa" adierazten omen zuen. Lehen andereñoa Maripi Sarasola izan genuen eta gaur egun ere, beranduxeago hasitako Arantza Etxeberria eta berak ikastolan dihardute.
Hasiera haietako kezka nagusia arazo ekonomikoa izaten zen, baina haurren hilerokoa, bazkideen aportazioa, errifak eta tonbolari esker lortzen zuten aurrera egitea.
1969. urtean lehen hezkuntzako lau gela legeztatu ziren eta1973.ean O.H.O.ko ikasketak amaitzera(6. 7. 8. mailak) Andoaingo Aita Larramendi ikastolara joaten ziren haurrak. Hauekin fusionatzeko saiakerak alferrikakoak izan ziren eta azkenik, 1978.ean bertan 6.maila ematea erabakitzen da. Urte berean eskola Parrokiala izatetik "Cooperativa de enseñanza Egape\" izatera pasa zen, lehen estatutu eta batzorde iraunkorra eratuz.

 

1980.ean Lizardi kaleko eraikuntza amaitu zen gurasoen lan erraldoiari esker eta horren ondorioz O.H.O. osoa leku berean eman ahal izan zuten.

 

Hamar urte beranduago Andoaingo ikastolarekin batera "Kilometroak" jaia antolatu genuen eta diru iturriak 1991.ean eskolaurreko eraikuntza egiteko erabili zen.
1993.go maiatzean gure ikastolak sare publikoan integratzea erabaki zuen, bere titulartasuna Eusko Jaurlaritzaren esku utziz.

 

 

AZKORTE ESKOLA PUBLIKOA ETA EGAPE IKASTOLAREN ELKARTZEA.

1996/97. ikasturtean Egape ikastola eta Azkorte eskola publikoa elkartu egin ginen. Elkartze horren ondorioz haur eta Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bi zentru sortu ziren.
Gaur egun zentru bakar bat bezala funtzionatzen dugu, OOG bakar batekin.
Une honetako erronka nagusia Bigarren Hezkuntzako ERAIKUNTZA BERRIA da.